2020ko irailaren 28ko deliberamendu batez, Getariko leku publikoa agertzen duen film zeinahi filmatzeko edota irudi hartze zeinahitarako, herriaren baimena behar da aitzinetik.
Herriaren leku publikoa Getaria herriarena den ondasun oro da: eraikinak, parkeak eta lorategiak, eskolak, kirol zelai eta hornikuntzak, bideak, aparkalekuak, …Baimen beharra dute aipatu eremua erakusten duten argazki egite eta filmatze guztiek, hala lurrekoek nola itsaso edota airekoek.
Baimen horretarako egingarritasun azterketa eginen da, horretarako aurreikusia den filmaketa eskaria egiteko inprimakia jaso ondoren, non zehaztuko baitira behar direnak eta, eskariak aurreikusi lan planaren arabera, udal zerbitzu guztiekin koordinatu ahalko dira. Eskariak, gutxienik, 3 aste lehenagotik aurkeztu behar zaizkio Getariaren auzapez andreari:
Getariako Herriko Etxea – De Gaulle Jeneralaren hiribidea 450 - 64210 Getaria
Edo e-mezua honako helbide honetara igorriz: mairie@guethary.fr
Baliabide bereziak behar ez dituzten talde arinen eskarientzat (horien definizioa hemen beherean ikus), ibilian filmatzeko baimena eman ahalko zaie, eskaria gutxienik 5 lanegun lehenago izapidetu ondoren, salbu oztopo nagusiren bat bada.
Leku publikoaren erabiltzeko eta Getariaren irudi eskubidearen erabiltzeko tarifak herri biltzarrak ezartzen ditu filmaketaren edota argazki egitearen motaren arabera, hautaturiko lekuen arabera, erabilitako baliabideen arabera, filmaketaren iraupenaren arabera, eta hautaturiko erabilera motaren eta garaiaren arabera.
Salbuespenez, leku publikoaren erabilera eta Getariaren irudi eskubidea urririk utz daitezke eskola eta unibertsitateetako ikasleek egin filmaketa edota argazkietarako, betiere, engaiatzen badira, beren filmaren kredituetan edota argazkietan «Milesker Getariako Herriari» idaztera.
Zenbait zirkulazio bidetan zirkulazio eta aparkatze murrizketa iraunkor nola aldi baterakoak egin litezke (tona kopuruaren mugatzea, goratasunarena, zabalerarena, ordutegiena, zirkulazio norabide bereziak, zirkulatzeko edota aparkatzeko debekuak…). Zenbait filmaketa edo argazkitarako, erabiliko diren lekuen arabera edota hartzen duten eremuaren arabera, zirkulazio eta aparkatze debekua beharko da aitzinetik erabaki.
Ekoizlea, bere filmaren kredituetan edo hastapenean, horrelakorik erabiltzen badu, «Milesker Getariako Herriari» aipatzera engaiatzen da.
Gauzatzeko baldintzak:
- Filmaketa eskariaren inprimakihonekin batera, eskatzen diren dokumentuak beharko dira eman.
- Herriak ez du inolako erantzukizunik filmaketan gerta litezkeen giza kalteetan edo materialen kalteetan. Ekoizpenak arrisku horietarako egoki den asurantza kontratua beharko du ukan. Horren frogagiria eskatuko zaio
- Filmaketan parte hartzen duten ibilgailu tekniko guztiek beharko dute, haizetakoaren atzean, beraien aparkatzea arautzen duen udal aginduaren kopia erakutsi, bai eta «Filmaketa» seinalea, ikusgarri, auzokoek zer den jakin dezaten.
- Leku publikoan eman instalazio, informazio edo hondakin guztiak filmaketa bukatzean bildu beharko dira. Hala egin ezean, geratzen direnak udal langileek bilduko dituzte eta ekoizleari fakturatuko zaio lana.
- Lekuan lanean diren ekoizketa lantaldeek eta ekoizpenerako engaiaturiko zerbitzu emaileek auzokoekin gisako jokamolde atsegina behar dute ukan.
- Gauez edo goizean oso goiz filmatuz gero, azantzak kontrolatu eta ahal beste murriztu beharko dira. • Ekoizleak ezin du herriaren instalazioetan zuzenean eragin.
- Zeinahi ezustekorik gertatzen bada, udaltzaingoari edota langile ikuskatzaileari eman behar zaio jakitera gertatu dena.
- Janari prestatzaile espezialdu bat baliatuz gero, ekoizleak jakitera eman beharko dio zerbitzu horren emaileari ingurumena zaindu behar duela, ur zikinak horretarako hodietara bota behar dituela, hondakinak egunero bildu behar dituela eta, ahal delarik, tokiko zerbitzu emaileei behar zaie lehentasuna eman.
- Leku publikoan kokatu kableak babesturik behar dira izan eta egoki seinalatu behar zaizkie erabiltzaileei.
- Filmaketak egiten dituzten ekoizpen etxeek auzokoak ez kaltetzeko eta gatazka egoerarik ez sortzeko egin beharreko guztiak egin behar dituzte. Lekuak begiramenez eta arduraz behar dituzte erabili.
- Azantza sor dezaketen eszena guztiak 22:00 orenak baino lehen behar dira filmatu.
- Erabiliko diren ekipo elektrogenoak hosgabeturik behar dira izan eta ihes hodi katalitikoa eta biltze ontzia (jariakinen biltzeko) behar dituzte ukan. Bizitegietatik urrun kokatuko dira eta ezinen dira 22:00 orenak eta 7:00 orenak arteko aldian erabili.
Drone bidez harturiko irudiak:
- 2012ko apirilaren 11ko agindu, inor eraman gabe zirkulatzen diren aireko zibilen asmakuntzari buruzkoak arautzen ditu irudi hartze horiek.
- Hegaldiaren ardura tekniko nola administraziozkoa duen sozietateak Prefekturaren baimena behar du ukan.
- Hegaldiaren ardura tekniko nola administraziozkoa duen sozietateak herriaren gainetik hegan arituko direla jakinarazi behar dio Hegazkinlaritza Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari (DGAC) eta horren aire nabigazioaren bulegoari, eta haren baimena eskatu behar du.
- Horrez gain, dagozkien zerbitzuen agindupean, dronearen hegaldiaren segurtasun eremua zehaztu beharko da, aireratzen denean, hegaldiaren bitartean eta lur hartzean. Ukitzen dituen lekuen arabera, arautzeko aginduak erabakien bitartez ezar litezke.