Jatorrian, burgua eta hiru alderri

Getaria, herri txikia da (142 hektarea); Biarritz-Bidart eta Donibane Lohizune artean kokatua, 1633az geroztik da ofizialki herri. Halarik ere, eliza 16. mendekoa da, eta parrokiaren artxiboak 1577koak dira.
“Getaria", latineko "cetaria" hitzetik dator, hau da, "gazitzeleku", eta orain badakigu antzinean eraiki zutela erromatarrek, portu gainean, arrainen tratatzeko lantokia.Eliza zolan, "Plaza". Hala deitzen zuten burgua eta inguruak 1831ko kadastran. Langintza nagusia laborantza zen.Portuaren eta Zenitz hondartzaren artean, "Haizburu" alderria ("haitzen burua"). Etxe txiki eta elkarren ondoan direnetan batez ere arrantzale jendeak bizi ziren.Egungo frontoiaren inguruetan, "Kosta Aldia" alderria. Jende gutxi bizi zen han. Lau etxalde, bost etxe, aduanen kaserna eta ostatu bat.Eta gero, berezitasun bat. "Behereta" alderria ("Elizaren behere aldean baita"). Haren goialdea, etxeak elkarren kontra emanik, bastida moduko zerbait osatuz, 17. mendearen bigarren erdian eraiki zuten itsasturiek. Ontzijabeek, itsas armadako aitzindariek, ontzi kapitainek, itsasontzi medikuek, jantzien jostun bat eta oskin bat herritar horien beharretarako, bai eta kafetierrak ere, garai hartan kabaretier deitzen zituztenak.
1836ko biztanle erroldak 522 biztanle zenbatu zituen:
- 27 etxe eta 161 biztanle Plazan,
- 20 etxe eta 139 biztanle Haizburun,
- 11 etxe eta 66 biztanle Kosta Aldian, eta
- 30 etxe eta 156 biztanle Beheretan.
Turismoaren hastapenak

Bainu etxeen ustiapenak, portuaren ondoan, Kosta Aldia alderriaren fisionomia aldatu zuen zertxobait, 1850etik goiti. Hotel-jatetxeak eraiki ziren, lehengo etxe edo etxaldeak familientzako ostatu-etxe bilakatu ziren, eta herritarrenean ostatatzeko aukera eman zen ere ezagutzera.
Beste zenbait aldaketa ere eman ziren. Zeuden saltegiak handitu zituzten (okindegia, janari saltegia) eta berriak sortu ere bai (harategia batez ere), eta sasoiko lanpostuak sortu ziren ere.1864an, trena herrira heltzearekin, areagotu zen joera eta bete-betean zen indarrean 1884an, geltokia ireki zutenean.
Hasierako bigarren bizitegiak

Etxe ederretatik egoitza handiosera (zalditegiekin etab…), 11 ziren 1900. urte hondarrean. • "Bon air" Ezponden bidean, Pauen bizi zen William Lewiss artzain anglikanoarena, • "Miramar", Madrilen arrandari zen Bonifacio Ervitirena, • "Marguerite" (Itsas gaina, Ezponden bidea) Baionan tratulari ziren Larribière anaiena, • "Marthenia" Parisen, medikuntza akademiakide zen Constantin Paul medikuarena (gero, Saraleginea eraikitzeko bota zuten), • "Josefa" (Erdia eta Atchiki, Mugabure hiribidea), Marie Lacaille errentariarena, • "L’Hermitage" Zenitzen, Goutier ahizpena, • "Bichta eder" Errepira bidean, Louis Fourcade du Bouscat-ena, • "Angelita" De Gaulle hiribidearen goialdean, Arthuro Leon de Madrid-ena, • "Cantachoenia" elizatik hurbil, Baionan tratulari zen François Dubois-ena, • "Itsas mendia" Haizpuruko bidean, Ernest Archier ondasun merkatariarena; Nizatarra zen eta auzapez izan zen (1906tik 1924ra), • "Harotzaldea" Ahontz Berroa bidean, Camille Bellaigue Pariseko letragizonarena.

Ordurarte, herritar oro, arrantzale nola laborari, naturalki "Getariar" deitua zen. Euskal sustraiak zituzten, euskaraz aritzen ziren guztiak eta, eskola oraindik baitezpadakoa ez zenez, haietako gutxik zekien frantsesez egiten.
Eta egun

Getaria hiritartu da, "Kosta Aldia" herriaren hiri-barnea bilakatu da, eta turismoa du diru iturri nagusia. Arrantzale portuak laket portu baten itxura hartu du. Baratze bat han, arto zelai bat hor, laborantza jardueraren hondarrak dira.
Azken erroldan, 1356 getariar zenbatu ziren.